![]() |
| EHS nunca miente, ya lo dicen publica mente, salir de la carcel de uno en uno y condenando, lo mismo que decia el traidor Bandrés,ahora que?? |
Bai, horrela izan zen, baina abokatuek helegitea jarri zuten eta epaileak debekuak ez zuela norbanakoaren oinarrizko eskubideetan murrizketa izaterik ebatzi zuen. Alderdi ilegal [Batasuna] baten izenean politika egitea debekatu zidaten. Ez badizute ezer esaten, ba al duzu alderdi ilegal baten izenean politika egiterik edo? Zer zentzugabekeria, ezta?
Aieteko Adierazpena hizpide hartu nahi dut solasaren abiapuntuan, alabaina, ezin dut Aljeria, Lizarra-Garazi edota Loiolako negoziazio saioetan izan ziren aukerak aipatzeke utzi. Egungo aukera ordukoak baino egokiago al da?
Negoziazio saio bakoitzak testuinguru politiko orokorra eta norberaren etxeari begirakoa ditu berekin. Horietan guztietan bestelako faktoreak izaten dira: zure arerio politikoaren unean uneko testuinguru politikoa eta zure etxean arerioaren baldintzei aurre egiteko dagoen heldutasun maila. Zentzu horretan ezker abertzaleak mutur-muturreko egoeratan jokatu du, bi testuinguru horien baitan. Eta azpimarratu nahi dut: ez duzu bakarrik kanpoko faktoreek jartzen dituzten mugen arabera jokatzen, barne faktoreen mugarrien baitan ere jokatzen duzu. Hiru saio horietan hori gertatu da. Eta niri ez zait gustatzen pentsatzea, hau edo beste egin izan bagenu, beharbada...
Une honetan zabaldu den giro politiko sozial berria iraganeko faktore eta zirkunstantzia horien guztien ondorioa da. Ezker abertzaleak eman dituen pausoak eta ondu duen eskaintza politikoaren ezaugarriak, horiek guztiek, zerikusi zuzena daukate iraganeko esperientzia horiekin guztiekin. Loiolako esperientziaren ondoren, ikaspenak eta autokritika egin genituen publikoki, eta egungo hausnarketan eragina izan dute. Areago esango nuke: ezker abertzalea azken hiru urte hauetan garatzen ari den filosofiak eta apostu politikoak Arjeleko prozesuan egin ziren hainbat hausnarketan ere oinarria dute.
Aieteko Adierazpenaren (iazko urriaren 17koan ezagutarazi zen) lehen puntua baino ez da gauzatu. ETAri egin zitzaion eskaera, hain zuzen ere. Zer “balantze” egiten duzu uneon?
Oraindik goiz samar da “balantze” bat egiteko. Nik antsietate puntu bat izatea onartzen dut, ezker abertzaleak dena jarri baitu mahai gainean, beraz, logikoa da aurrerapenak ahalik eta lasterren ikusi nahi izatea. Areago, hainbat jendek behar larria du, presoek esaterako, giza baldintza prekarioetan daudelako. Ulergarria da beraz. Balantzea ez, baina kontu honen “saldoa” begiratuz gero, urritik hona zer gertatu den eta prozesua nola doan ikusita, nire ikuspegia positiboa da. Orainari eta etorkizunari begira kezkatuta daudenei, modu onez diot, kezka zentzu jatorrean ulertuta, atzera begiratzeko eskatuko nieke, nondik gatozen eta nora goazen begiratu eta kenketa egiteko. Aurrerapena begi-bistakoa da.
Martxoan ezker abertzaleak Konponbide haizea dabil adierazpena egin du Donostiako Kursaalean. Autokritika egin duzue, ETAren biktimak direla-eta. Batzuen iritziz ordea, ez da aski.
Ezker abertzaleak egin duen autokritika sanoa eta funtsezkoa da, etorkizunean akats berdinak ez errepikatzeko eta gure estrategia emankorra izan dadin. Inork ez du autokritika egiten inor kontentatzeko, eta ezker abertzaleak beste eragile politikoak kontentatzeko are gutxiago.
Zuek hau edo beste esanda ere, ez dela aski esango dizuete, ETAren autokritika falta delako. Iraganaren zama darama ezker abertzaleak.
“Aralarrek argi esan du ez duela parte hartuko ezker abertzalea kanpo utziko duen inongo iniziatiban”
“Madrilgo deklarazioak irabazle/galtzaile filosofia errepikatzen du”
Hori horrela da. Baina, biktimekiko aferari dagokionean, adibidez, ardura maila ezberdinak daude. Biktimak alde guztietan daude, eta ardura mailak ere bai. ETAk baditu ardurak, biktimak sortu dituen erakundea baita, eta berak hartu beharko ditu bere erabakiak. Ezker abertzaleak, nahiz eta ardura zuzena ez izan, bere hausnarketa egin du. Kursaalean esan genuen bezala, gure eremu politikoko ez diren pertsonekiko ez gara oso fin aritu, ez diogu besteen sufrimenduari nahiko arreta eskaini. Dena den, batzuentzat ez da inoiz nahikoa izango hau esan arte: arrazoi duzu, irabazi duzu eta hemen dauzkazu nire etxeko giltzak. Horientzat ez da nahikoa baina guretzat bai. Guretzat, sufrimenduari erreparazioa eman ahal izatea, aitortza ematea, eta neurri berean sufritutako guztien egia ezagutzea ez da bakarrik giza jarrera agertzea. Hainbestetan aipatzen den elkarbizitza eta giro berria sortu ahal izateko, guztion arteko ariketa kolektiboa landu beharko dugu herri honetan.
Prozesu honetan aldebakartasunaren bidea hartu duzue. Zein dira abantailak, zein desabantailak?
Abantailak oso nabariak dira. Aldebakartasuna oso kontzeptu funtsezkoa da –ados egotea besterik da– ezker abertzalea egiten ari dena ulertzeko. Ezker abertzaleak bidez bide ondorioztatu du, herri honek ez daukala aurrean elkarrizketa klabean aritu nahi duen Estatu bat, espainiarra edo frantziarra, kasu. Auzia elkarrizketaren bidez konpondu nahi ez duten bitartean, bi aukera daukazu: zain egon edo haien esperoan egon gabe urratsak ematen hastea. Aldebakarreko urratsek egoera berriak sortzen dituzte, eragile politiko guztiak mugiarazten dituzte, gobernuena barne. Espazioak murrizten edo handitzen dituzun neurrian, arerioek birkokatu behar dute, eta hori geratzen ari da azken bi urteetan. Aldebikotasunaren aldean abantailak daude, baina desabantailak ere bai. Aldebiko eskeman kontratua gizartearen aurrean ematen da. Konpromisoak hartzen dira, bi aldeek sinatu dute kontratua. Aldebakarrekoak ez dauka hori, baina tempo politikoak zuk kontrolatzen dituzu, baita zure konpromisoak eta edukiak nola bete ere. Beraz, aldebakartasunean datza ezker abertzalearen sendotasunaren apostua.
Euskal prozesuaren eta auziaren zioz Madrilgo deklarazioa onartu da Espainiako Kongresuan. Nola ikusten duzu PPren Gobernua?
Madrilgo deklarazioa UPyDren iniziatibari jarritako dike bezala saldu nahi izan dute batzuek. Testuaren literaltasuna oso txarra baita, ez du zerikusirik Euskal Herrian sortu den giro soziopolitikoarekin. Adierazpenak irabazle/galtzaile filosofia errepikatzen du. Inork uste badu hori oinarri hartuta ezer egin daitekeenik, bada, oso oker dabil. Gainera, larriena ez da hori, baizik eta batzuek testu hori Gasteizko Legebiltzarrean ez dakit zer ponentziaren oinarritzat hartu nahi dutela. Larritasuna areagotu da beraz.
Nola baloratzen duzu Lopez lehendakariaren Bizikidetzarako Ponentziaren inguruan gertatua?
Lehenik eta behin, ponentziak salbuespenezko egoera politikoarekin bukatzea izan behar du helburu. Ponentziaren ebazpena auzi politikoa bideratzeko eta dinamika elkarrizketatzailea sustatzeko bada, ongi, baina Gasteizko Legebiltzarrean, ezker abertzalea hor ez dagoenean, foro bat sortu nahi badute, gutaz hitz egiteko baina gu egon gabe, ez dauka zentzurik. Ponentzia ekimen eraginkorra izatea nahi bada, sortu dezagun herri honetako eragile politiko guztiak presente egon daitezkeen toki bat. Ponentziak, ezker abertzalearen esklusioan oinarritzen bada, huts egingo du, Espainiako Kongresuko Deklarazioaren testua baitu abiapuntu –ez da hori esan, baina helburua hori da– eta bitartekoak ez daude helburuen norabidean. Guk ez dugu inongo forotan parte hartuko ez bada berdintasunean oinarrituta eta agenda ireki batekin.
Aralarren jarrera nola baloratu duzu?
Galdera zein da, Aralarren jokabidea edo Aintzane Ezenarrorena? Nik dakidanez, Aralarrek argi eta garbi esan du ez duela parte hartuko ezker abertzalea kanpo utziko duen inongo iniziatiban.
EAJk hartzen dituen erabakiekiko, berriz, iraganean baina lasaiagoa ari da ezker abertzalea, antza.

0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada