21.- LABek aldarrikatzen du munduko Herri
Langile guztiek autodeterminazio eskubidea dutela, errepublika independente eta
sozialistak sortzea barne, eta hori dela gure aukera. Herri Langileen
Errepublika independente eta sozialistak era aske eta librean konfederatuko
dira, borrokaren garapenaren arabera. Gure eskualdeari dagokionez, Eurasiako
Errepublika Sozialisten Konfederazioaren alde agertzen gara, eta horren alde
borroka eginen dugu, beti ere gure marko nazionaletik: Euskal Herria.
1.3.4.- Munduan eredu sindikalista iraultzailearen
beharra
22.- Atal hau ere bere horretan mantendu behar
da, deus ere aldatu gabe. Boskarren atalari dagokionez, ponentzia honen
zortzigarren atalean sartuko dugu, hau da “LAB, Euskal Herri Langilearen
Erakundea”
1.4.- Euskal Herri Langilea Kapitalismoaren krisi
globalean
23.- Euskal Herri Langileak gaur egun pairatzen duen
zapalkuntza ulertu ahal izateko, gure marko geopolitikoa aztertu behar dugu
lehenik, hau da, Eurasiako mendebaldea eta bereziki “Europar Batasuna”
autoizendatu den estatu kapitalisten egitura inperialista eta bere bihotz
politiko-ekonomiko-militarra, Eurogunea, alegia.
24.- Laburbilduz, “Europa” autoizendatzen den koalizio
inperialistak XX. mnedean galdutako hegemonia berreskuratu nahi du sistema
inperialistan, eta horretarako aliantza hirukoitza egin dute hiru estatuk:
Britainia Handiak, Estatu Frantsesak eta Alemaniak. Beren helburua, ekonomia
kapitalista lehiakorrena sortu XXI. mendean, Estatu Batuei eta Japoniari aurrea
hartuz eta gorantz heldu diren estatu kapitalista “berriak” (Brasil, Errusia,
India, Txina eta Hegoafrika) menpean mantenduz.
25.- Horretarako proiektu inperialista global bat
ezarri dute martxan, eta oraingo krisia baliatu nahi dute Eurasia mendebaldeko
Herri Langileei beren egitasmo kapitalista inposatzeko, intoxikazio
nazionalista eta arrazista baliatuz eta errepresioa erabiliz, egoeraren arabera.
Indar hegemoniko kapitalistaren eraikuntza-prozesu honen buruan, hiperestatu
inperialista bat ukanen dugu, neofaxismo parlamentario batez jantzirik. Krisiak
kontraesan eta arazo guztiak areagotu ditu, epeak azkartuz.
26.- Luze joko liguke proiektu neofaxista honen
azaltzeak (“IV Reich”, oligarkia alemanaren geopolitikan) bainan
erran dezagun aurreko urteetan bezala, Herri Langileen konplizitatea erosi nahi
izanen dutela balizko “itun eta elkarrizketa” sozialen bidez. Bainan XXI.
mendeko kapitalismoak ezin du gauza handirik eskaini, planeta beraren muga
ekologikoak agerian direlakotz honezkero. Lehiakortasuna behar da hegemonia
lortzeko, eta hori, langileen esplotazioa areagotuz eta irabazien tasa handituz
erdiesten da, Txinako estatu kapitalismoak egunero oroitarazten digun bezala.
27.- “Europa” deitzen den proiektua oligarkia
inperialista europarrek sortu dute, eta arrazismoa du oinarri eta helburu.
Euskal Herri Langilearendako ez dago etorkizunik hor, etnozidioa bururatzea eta
esplotazioa zein miseria soziala areagotzea ez bada, nahiz eta inperialismoaren
“polizia onak” kontrakoa sinestarazi nahi behin eta berriz.
28.- Euskal Herri Langilea bi estatuk zapaltzen dute,
hierarkia inperialistan toki eta funtzio desberdinak betetzen dituztenak:
estatu espainola eta estatu frantsesa.
Krisia gogor du kate-begirik ahulena den estatu
espainola, beren baitako kontraesan guztiak areagotuz eta neofrankismoaren zein
berrezarkuntza borboitarraren miseriak agerian utziz. Estatu espainola amiltzen
ari da egunetik egunerat, eta honek luze gabe krisi orokor bat ekarriko du.
29.- Euskal Herri Langileak eta LABek bereziki
aukera hau baliatu behar dute Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko aldarria
indartzeko eta monarkia neofrankista, kapitalista eta etnozidaren aurka
jotzeko.
Halaber, estatu espainoleko Herri Langileekiko
elkartasuna eta elkarlana bultzatu behar dira, gu guztiok zapaltzen gaituen “estaca”
denon artean hausteko. Beti ere, jakina, hala Euskal Herriaren
euskalduntasuna, naziotasuna eta independentzia aldarrikatuz eta zainduz, nola
sozialismoaren aldeko borroka indartuz.
30.- Estatu frantsesari dagokionez, garbi dago hierarkia
inperialistan gorago dagoela eta egonkorragoa dela. Hala ere, Hollandek
gorpuztu duen lilura sozialdemokrata faltsua itzaltzen denean, borroka sozial
gogorrak agertuko dira, VI Errepublika ekarriz. Krisi horretan Euskal Herri
Langileak eta LABek bereziki Euskal Errepublika Sozialistaren aukeraren
aldeko lana egin behar du etengabe, langileei erakutsiz ez dagoela irtenbiderik
Errepublika jakobino, etnozida eta kapitalistaren baitan.
31.- Katea beti hausten da begirik ahulenean, eta gaur
egun hori Eurasiako hegoaldean kokatzen da: Grezia, Italia, Portugal eta Estatu
espainola, Zentzu horretan LABek etengabeko elkartasuna bultzatu behar
du Greziako Iraultza Sozialistarekin, eta bereziki PAME langileen
frontearekin, internazionalismorik onena nork bere Nazioan Iraultza egitea dela
jakinda.
32.- Behin eta berriz errepikatu behar dugu gure
analisi eta azterketen bizkarrezurra: “Ongizate Estatuaren” lilura amaitu da,
garai berriak eta latzak heldu dira, Historiaren bertze fase batean sartzen ari
gara, eta honek jauzi kualitatiboak eskatzen ditu kontzientzian eta praktikan.
Gure praxi
osoa irauli behar dugu, Iraultza Sozialistaren zerbitzuan jartzeko, gure VIII
Biltzarraren leloak hain ongi adierazten duen bezala: “Orain da garaia! Eraiki
dezagun langileon Euskal Herria.”
2.- Sindikalismo iraultzailea kapitalismoaren aurka
33.- Atal hau, ñabardurak ñabardura, bere horretan
uztearen aldekoa naiz.
Ados
nago euskal sindikalismoa bidegurutze estrategiko baten aurrean dagoela, eta
LABek erronkari eutsi behar diola gure erroetara itzuliz: gu ez ginen sortu
sindikatu bezala, gu euskal langile abertzale eta iraultzaileen antolakunde
gisa jaio ginen.
Geroago,
eta taktikoki, sindikatu legez antolatu ginen, Berrezarkuntza
borboitarrari eta Eurasiako langileen mugimenduen porrotari aurre
egiteko. Horregatik, bertze atal batean proposatuko da LAB bi eratan
antolatzea: sindikatua eta afiliatuak, eta langileen antolakundea eta
militanteak.
3.- Euskal
Herri Langileak egoera irauli behar du
34.- Maila
politiko eta ekonomikoan gertatzen ari den lurrikarak zer-nolako egoera utziko
duen ikuskizun dago oraindik. LABen ustez, bi prozesuak, askapen
nazionala eta askapen soziala txanpon bereko bi aldeak dira, prozesu berberaren
aurkia eta ifrentzua. Euskal Herriak Herri gisa etorkizuna izanen badu, eta
Euskal Herri Langileak geure buruen jabe izanen bagara, Euskal Iraultza
Sozialista egin behar dugula argi dago LABen ustez.
35.- LABen
lan eta eginkizuna euskal langileen artean klase eta nazio kontzientzia eta
praktika areagotu eta sakontzea da, urratsez urrats eta milaz maila, euskal
langileriak argiro ikus dezan askatasunerako irtenbide bakarra Euskal
Errepublika Sozialista dela, Estatu kapitalista espainol eta frantsesarekiko
haustura demokratiko eta iraultzailea.
36.- Estatutismoa eta erreformismoa agorturik daude
Hego Euskal Herrian, eta honek ateak ireki ditzake alternatiba erradikalagoak
eraikitzen hasteko.
Halaber, Ipar Euskal Herrian urte luzez egindako
desmartxadepartamentalista eta instituzionalista akituta dago: estatu
frantsesak ez fitsik emanen bide horretatik, denbora irabazten ari ziren,
bertzerik ez.
37.- Triunfalismotik urrun, urte luzeetako lan eta
borroka gogorrak ditugu aitzinean, krisi global lazgarri baten erdian, eta
geure buruak horretarako prestatu behar ditugu.
Sindikalismo klasikoak, bai ezkerrekoa eta
sozio-politikoa, nola erreformista eta sozialdemokratak beren mugak agerian
utziko dituzten datozen urteotan.
Jauzi kualitatiboa egin behar dugu, sindikatuaren lana
eta langleen antolakundearena uztartuz eta sinergian bilduz.
38.- Honek eredu berri bat dakar LABendako,
geroago xeheki azalduko duguna, eta aldi berean eredu berria ekarri behar du
Euskal Herri Langilearen erakunde eta antolakunde guztiendako, bai historikoki
Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren baitan kokatu direnak, edota Ezker
Abertzalean, nola korronte hortik kanpo aritu direnak ere.
XX. mendeko 30. hamarkadako esperientzia latzak gogoan
hartuz, ez da garaia sektarismo eta harrokeriarako, alderantziz baizik.
Gaur egungo Euskal Herri Langilearen kontzientzia
maila apal eta ahuletik abiatu behar dugu, aldaketa sozialerako aliantza
zabalak bultzatuz eta sustatuz, erabat posible diren (baina sistemarendako
asimilaezinak diren ) neurri ekonomiko xumeak proposatuz eta borroka berriak piztuz,
praktika sozial horretan kontzientzia maila igo dadin.
Martxoaren 29ko greba paradigmatikoa izan da alde
horretatik, eta ildo horretan segitu behar dugu. Murrizketen kontra eta
aldaketa sozial eta nazionalaren aldeko Fronte Zabala sortu behar dugu Euskal
Herrian, emeki-emeki erradikalizatuko dena.
39.- Euskal Iraultza eta Euskal Errepublika
Sozialistak ortzemugan izanik, oraingo erronka da eguneroko borroka ttikiak eta
helburu handiak etengabe uztartzea, praktika iraunkor baten bidez.
Horregatik proposatzen da sindikatuaren egitura osoa
mantenduz, egitura batzuk altxatzea militanteen lana izatea, Euskal Herri
Langilearen Erakundea sortuz gure baitan, helburu estrategikoen alde lan eginen
duena eta sindikatua dinamizatuko duena.
Horretarako bortz urteko prozesua proposatzen da,
urratsez urrats, LAB egoera politiko-sozial larri honetara egoki dadin,
Euskal Herri batu, independente, euskaldun eta sozialista eraikitzeak eskatzen
duen praxi iraultzailea gara dezagun.
40.- Euskal Herrian “prozesu demokratikoa” bezala
ezagutzen dena, zinez eta benetan, iraultza iraunkorraren fase
herritar-demokratikoa bertzerik ez da. Hau da, bi estatu zapaltzaileekiko
haustura iraultzailearen lehen fasea, iraultza sozialistaren bidean. Hau
atzentzea eta ahazteak 1936-39ko kontrairaultazarat eraman gaitzake, edota
Txilen 1973an gertatu zen sarraskietarat.
41.- Kapitalismo inperialistak Euskal Herri
Langilearen autodeterminazioa, eta beraz, Euskal Errepublika Sozialista baten
sorrera, bakebidez eta “demokratikoki” onartuko duela sinestea
ameskeria suizida da. Langileriaren mendez mendeko esperientzia historiko
guztien kontra doan auto-engainu tamalgarria, kasurik hoberenean.
42.- Talka eta gatazka gogor batera prestatu behar
dugu geure burua, jakinik Kapitalismo Inperialista krisi larrian dela, hortzez
eta haginez defendituko dituela bere pribilegio eta irabazkinak, bere klase
egitura, bere hegemonia planeta osoan. Horretan ez dira oso diferenteak izanen
Monarkia espainola eta Errepublika frantsesa, biak baitira Kapitalaren diktadurak
une zehatz batean hartu duen mozorro instituzionala. Baina muina berbera da:
burgesiaren tirania.
43.- Panorama politiko berrian klase sozial
bakoitzaren, beren baitako frakzioen, eta beren indar politiko, sindikal
eta sozialen birkokatze estrategikoa gertatzen ari da. Indar politiko
independentista eta subiranisten eremua egituratze bidean dago. Eremu honetan
bi proiektu nazional daude: burgesiarena eta langileriarena, Euskal Estatua (guk
arrazoi historikoengatik nahiago dugu Estatu Baskoa erran) eta Euskal
Errepublika Sozialista. Berriz ere Irlandan 1916-1937an gertatutakoa
errepikatzera goaz? Ez dugu fitsik ikasi? Ez dugu zekalea astintzen duen
haizearen xuxurla aditzen?
44.- LABek Euskal Herri Langilearen interesak
defenditu behar ditu, klase sindikatua delakotz, euskal langileriaren
antolakundea delakotz.
Zabaldu den fase berri honetan LABek indar
independentista eta subiranisten akuilua izan behar da, behin eta berriz
eztabaida piztuz eta proiektu politikoak argituz: zein izanen da balizko Euskal
Estatu horren klase-izaera? Zein klase sozialen interes eta
mesedetan antolatuko da? Zein izanen da kapitalismoaren tokia Estatu horretan?
Estatu kapitalista izanen da? Estatu sozialista? Zer da Estatu sozialista bat
izatea, XX. mendeko esperientzia historikoen argitan? Sozialismo estatistak
porrot egin ondoren, Sobiet Batasunean bezala, edo estatu kapitalismo bilakatu
eta gero, Txinan bezala, zein da Langileon Euskal Herria eraikitzeko bidea?
45.- Galdera deseroso eta korapilatsuak gaur egun
indar independentista eta subiranista hegemonikoendako, bainan Euskal Herri
Langilearen interesak ororen gainetik defenditzeko sortu zen erakundearendako
beharrezkoak eta ezinbertzekoak. LABek eztabaida hori ireki eta zabaldu
behar du, eta bere klase-autonomia aldarrikatu argi eta garbi, ozenki eta
sakonki. LABek euskal langileriaren mesedetan jardun behar du, euskal
langileen klase interesen arabera jokatu, eta ez subordinatu bere taktika eta
estrategia langileenak ez diren bertze klase-interes batzuen azpian.
LAB bilakatu
behar da Euskal Herri Langilearen autokontzientziaren bihotza, edota bihotz
bat, bertze batzuen artean, nahiago bada, baina beti ere langileriaren
interesetan errotua eta tinkatua. Gogoan har dezagun 1921ean sindikatuei buruz
Alderdi Boltxebikean izan zen polemika. 90 urte geroago, zer ikasten ahal dugu?
4.- Euskal Errepublika Sozialistaren bidean
46.- Euskal Errepublika Sozialista eraikitzea da gure
proiektu estrategikoa, Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki
askatzeko. Euskal Errepublika Sozialistaren kontsignan laburbiltzen dira gure
lau helburu estrategikoak: Independentzia, Sozialismoa, Batasuna eta
Euskalduntasuna.
47.- Hori haustura iraultzaile baten bidez gertatuko
da, burgesia espainol eta frantsesak ez baitigute horrelako garaipenik
oparituko.
Beren klase-interesen autoukazioa izanen litzateke
hori, eta beren suizidio politiko eta soziala oligarkia inperialista bezala.
Eta hori ez da inon inoiz gertatu, guk dakigula.
48.- Ezin jakin prozesu iraultzailearen fase hau nola
joanen den, jakinda Euskal Iraultzaren oraingo etapa 1958an abiatu zela. Ezin
gauza askorik erran aldez aurretik.
Badakigu eraikiko dugun Herri eta Langileen
Kontraboterearen indarren baitan egonen dela garaipenaren gakoa, eta
nazioarteko testuinguruak aunitz baldintzatuko duela bilakaera.
49.- LAB Euskal Herri Langilearen zerbitzura
dagoen antolakunde sindikalista iraultzailea da, eta Euskal Herri Langileak
berak, bere biltzarren bidez, erabakiko du hartu beharreko bidea eta jorratuko
beharreko ildoa.
LABek bere indar guztiez bultzatuko du Euskal
Langileriaren autonomia eta autoantolakuntza, bere balizko interes korporatibo,
burokratiko edota sektorialen gainetik.
50.- Badakigu sozialismoa ulertzeko modu ezberdinak
eta oso desberdinak daudela eta korapilo teoriko eta praktiko asko askatu
beharko ditugula prozesu iraultzailean zehar.
Baina LABek ez du horren beldur izan behar.
Aitzitik, eztabaidari ekin behar dio gogoz eta gogor, euskal langile abertzale
eta iraultzaileen batasuna bilatuz, batzen gaituena lehenetsiz eta zatitzen
gaituena bigarren plano batean utziz.
Kapitalismo inperialistaren ofentsiba orokorraren
aurrean, abertzale iraultzaile guztion batasuna da garaipena emanen digun bide
bakarra.
51.- Euskal Errepublika Sozialista definitzea eta XXI.
mendeko Euskal Sozialismo Iraultzailea ezaugarritzea dira hurrengo bortz
urteetarako erronkak, eta horretarako oinarrizko txostena prestatuko da urte
eta erdiko epearekin, eztabaidari ekiteko 2014ko urtarriletik aitzina.
Eztabaida IX. Kongresuan bukatuko da, kontrakoa
erabakitzen ez den bitartean. Orduan burutuko da LABen eraldatze prozesua,
Euskal Herri Langilearen sindikatua eta erakundea izateko bidean.
52.- Hona hemen LABen ezaugarriak:
1.- Sindikatu eta erakunde abertzale eta sozialista.
2.- Sindikatu eta erakunde euskalduna.
3.- Sindikatu eta erakunde iraultzailea eta
internazionalista.
4.- Sindikatu eta erakunde burujabea.
5.- Sindikatu eta erakunde feminista eta ekologista.
5.- LAB Euskal Herri Langilearen Erakundea
53.- Ponentzia honetan
aipatutako guztia egiteko, LABek erabakitzen du hurrengo bortz urtetan honako
ekimenak eramanen dituela aurrera:
1.- Sei hilabeteko epean bere afiliatu guztiek erabaki
beharko dute nolako inplikazioa hartu nahi duten sindikatuarekin: afiliatu
hutsa ala militantea.
2.- Epe horretan sindikatu egiturek LABeko
militanteen prestakuntza plana zehaztuko dute, Euskal Herri Langilearen
Erakundeko kide izateko beharrezko diren eztabaida eta jakingaiekin.
3.- Honako gai hauek gutxienez agertuko dira:
- Euskal Herri Langilearen historia
- Euskal Nazio Askapen Mugimendu
Iraultzailearen historia
- Euskal Herriko sindikalismoaren historia
- Kapitalismoaren azterketa eta teoria iraultzaileak
- LABen historia
- Sindikalismoa gaur egun
4.- Urtebetez eginen dira premilitantzia mahai hauek,
inolako salbuespenik gabe.
5.- Prozesu
hau bukatzean, militanteek Herriko Biltzarrak osatuko dituzte.
6.- Edozein afiliatuk eskubidea du militantea izateko,
eta horretarako, urtean bitan, udaneta neguan, premilitantzia mahaiak eginen
dira herrialde guztietan.
7.- Herri Biltzarrean parte ez hartzeak militantzia
ezabatzea ekarriko du, beti ere afiliazioa mantenduz. Urtebeteko epean
militantzia eskatzen ahalko da berriz.
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA
JO TA KE IRABAZI ARTE