Buscar este blog

25 mayo 2015

EAJ eta Podemos garaileak, PP eta EH Bildu galtzaileak

Asier Blas
Asier Blas
EAJ izan da Euskal Autonomia Erkidegoko irabazle nagusia. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehenengo alderdia izango da. 2011ko hauteskunde emaitzekin alderatuta, jeltzaleek ia 30.000 boto irabazi dituzte eta EH Bilduk ia 70.000 boto galdu ditu (Bildu eta Aralarren emaitzekin alderatuz). Alderdi abertzaleen arteko lehian 1999ko agertokira egin dugu buelta. Urte hartan 2015ean izan dugun antzeko partaidetza izan zen eta EAJ-EA koalizioak atera zituen emaitzek oraingoen antza handia zuten. Ildo berean, EH Bilduk 242.144 boto eskuratu ditu 2015ean, 1999an Euskal Herritarrok alderdiak lortu zituenak baino 14.000 boto gehiago. Hobekuntza Arabak esplikatzen du, bestela ez dago inolako alderik.
Fronte zabala izateko jaio zen EH Bildu dagoeneko bere koalizio itxura galtzen hasia dago, gutxienez hautesleriarentzat. EAren hauteskunde soziologia ordezkatu zezaketen boto-emaileek EAJren aldeko hautua egin dute eta Alternatibatik gertu dagoen soziologiak Podemos babestu du nagusiki. Hain zuzen ere, Ahal Dugu izan da hirugarren indarra EAEn, emaitza oso on eta orekatuekin hiru lurralde historikoetan. Halere, sozialistei ez diete pentsa zitekeen bezainbesteko kaltea egin. Araban PSEk izan duen emaitza kaskarra Podemosen arrakastak azaltzen du, baina Bizkaian eta Gipuzkoan nahiko ondo eutsi dio Podemos efektuari. Azken honek Gipuzkoan EH Bildu kaltetu du nagusiki. Baina boto kopuruan galtzaile handiena EH Bildu izan bada, erlatiboki eta kualitatiboki galtzaile nagusia PP izan da. Popularrek Araban irabazi dute bototan, Gasteizen Marotoren eskuin muturreko diskurtsoak izan duen arrakastari esker, bestela, Bizkaian eta bereziki Gipuzkoan bazterreko alderdi txikia dira.

No hay comentarios: