Buscar este blog

13 noviembre 2015

Xabier Zabaltza elkarrizketa

Nafarroan elkarri bizkarra emanda bizi diren bi komunitateen arteko liskarra aztertu du Xabier Zabaltza historialari eta pentsalariak Gu nafarrok (Alberdania) saiakeran. Historian doktore, ez da lurralde horretako arazo linguistiko eta nazionalez argitaratu duen lehen liburua. Orain, berriz, ez ditu ikuspuntu historiografikotik jorratu, "nafarrei pentsaraztea" eta horrela ezin dezaketela jarraitu konturaraztea izan baitu helburu.
Galdera. Ze asmorekin idatzi duzu liburua?
Erantzuna. Nafarrei pentsarazteko eta konturarazteko ezin dezakegula horrela segitu. 30 edo 35 urte egin ditugu elkarrekin edo elkarren kontra lehian eta ez gara gai izan benetan erkidego elkarganaitzaile bat sortzeko. Hemen nafar hitza bada, baina horrek ez du deus esan nahi, jendea ez baita nafar bezala identifikatzen, lehendabizi euskaldun bezala edo espainiar bezala. Eta horrek arazo larriak sor ditzake geroan.
"Jendea euskaldun edo espainol bezala identifikatzen da; ez da nafar sentitzen"
"Euskara totema da batzuentzat, eta txorimaloa besteentzat"
"Koadrilako mentalitatea da nagusi espainolista eta abertzaleengan"
G. Sortu dituenak baino larriagoak?
E. Nik uste dut baietz. Hain zuzen ere, ez dagoelako sentimendu elkarganatzailerik eta horrela oso zaila delako autonomia erkidego bat mantentzea.
G. Eta hain dira larriak bi Nafarroa horien arteko desberdintasunak? Badago beste arrazoirik elkar ezin ikusi hori ulertzeko?
E. Alde batetik, Nafarroa sinbolo bihurtu da bi inguruko nazionalismoentzat. Nafarroa Euskal Herriko bihotza eta Espainiako azken lubakia dela ematen du. Bi nazionalismo horien ikur nagusi bihurtu da. Hala ere, ez da bakarrik kanpotik datorren zerbait, baizik eta gure baitan dagoen zerbaiten seinale, hain zuzen ere Nafarroan nagusiki ez dagoela tradizio demokratikorik. Ez dakigu eztabaidatzen, ez dakigu benetan solasean aritzen ondoan daukaguna iraindu gabe, edo faxista edo terrorista deitu gabe.
G. Zein izan daiteke haustura hori gainditzeko bidea?
E. Nire ustez, lehenik eta behin aitortu beharra dago arazo hori egon badagoela, elkarri bizkarra emanda bizi garela. Bigarren baldintza da aitortzea proiektu politiko eta nazional guztiak onargarriak direla, baina modu demokratikoan defenditu behar direla. Eta, zeresanik ez, borroka armatuarekin bukatu beharra dago. Zorionez, gauzak aldatzen hasi dira. Belaunaldi berriek demokraziaren printzipio eta balioak onartzen dituzte.
G. Nola uler daiteke halako zatiketa izatea?
E. Nire ustez, nafar arazoak zerikusi handia du Gerra Zibileko errepresioarekin. Nafarroa izan zen Francoren alde bolondres gehien eman zituen probintzia, baina bestetik 3.000 fusilatu izan ziren, gehienak sozialistak. Hori gainditu gabe dago. Erakundeek hildako horiek bere gain hartzen ez dituztenez, beste batzuek egin dute, agian haiekin zerikusirik ez zutenak. Batzuek uste dute abertzaleak izateagatik fusilatu zituztela. Beraz, isiltasunaren eta manipulazioaren artean bizi gara. Eta berdin gertatzen da euskararekin.
G. Liburua ikuspuntu euskaltzaletik idatzi duzula diozu sarreran. Hizkuntza izan daiteke bi Nafarroa horiek batzeko elkargunea?
E. Esperantza badut hori noizbait gerta dadin. Gaur egun, ez da posible, batzuentzat euskararen defentsa, askotan erdaraz eginaz, haien izateko zergatia delako. Bestetik, besteentzat euskararenganako gorrotoa da haien izateko zergatia. Batzuentzat totema eta besteentzat txorimaloa da euskara, ez dago modurik naturaltasunez onartzeko.
G. Nafarroako egoera Bosniakoarekin parekatzeraino irits daitekeela diozu beste pasarte batean. Ez da gehiegizkoa?
E. Ez dut esaten Nafarroa Bosnia bezalakoa denik, baizik eta gero batean gauzak oso gaizki egiten balira eta autodeterminazio-eskubidea Euskal Herri osoan gauzatuko balitz, arrisku hori izan litekeela. Baina autodeterminazio-eskubidearen kontra ez naiz mintzatu, eskubide hori zazpi probintzietan batera erabiltzearen kontra baizik.
G. Benetan hain desberdinak dira nafarrak beraien artean?
E. Hor dago gakoa. Nafarroan sekulako probintziakeria dago, getoko eta koadrilako mentalitatea. Eta oso zabaldua dago espainolisten eta abertzaleen artean, horretan ez baitago inolako alderik.
G. Gauzak gordin azaldu arren, baikor zarela dirudi liburua irakurtzen bukatutakoan.
E. Baikorra naiz. Nafarroa abertzaleen huts egiterik handiena da, baina euskal arazoa konpontzeko gako bat ere bai. Abertzaleek ez dute Nafarroa ulertu, baina inon atzematen baldin badugu elkargune bat abertzale eta konstituzionalisten artean, errazagoa dugu Nafarroan beste toki batzuetan baino.

No hay comentarios: